Karmelo ikastola

Historia labur bat

1964

Santutxu auzoko guraso talde bat ikastola berri bat sortzeko lanean hasi zen.

1964

Lehenengo eskolak Karmelo elizako gela batean eman ziren, klandestinitatean, 15 umerekin.

1977

Ikastola zatitu egin zen, ikuspuntu kontrajarriak zituzten talde bi zeudelako. Karmelo Ikastolan geratu ziren 240 familiek beste lokal batzuen bila hasi behar izan zuten.

1978

Ikastola berria eraiki zen, auzolanean, hainbat guraso eta bestelako eragileen lan eskergari esker.

1993

Euskal Eskola Publikoen Sarean sartu zen Karmelo Ikastola.

2014

Hainbat urteren ostean, ikastola berria gauzatu zen. San Joakin kaleko eraikin berria estrenatu zuten ikastolako 620 ikasleek.

2015

Ikastolak 50 urte bete zituen! Jai giroan ospatu genuen, ikasle, ikasle ohi, guraso zein irakasle eta langileok, denok batera.

2022

Mina del Morro Larreagaburu eskola Karmelo ikastolaren parte bihurtu zen.

Hezkuntza-proiektua

50 urte baino gehiagoko proiektu honek beti izan du ardatz nagusi bat: euskararen sustapena. Herritik jaio zen Karmelo ikastola, herriarentzat sortua.

Bilboko Santutxu auzoan oso erroturik dago gure ikastola, sortu zen egunetik hasita. Euren seme-alaben hezkuntzarekin konprometiturik zeuden guraso talde batek sortu, eta auzolanean hazten joan den hezkuntza-proiektu heldu eta osoa bihurtu da, Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko apustua eginez.

Auzoko hainbat ekitalditan parte hartu dugu etengabe: Ihauteriak, Santa Ageda, Euskararen Astea, Korrika, Olentzero… Kultura herritarraren eragle gisa ikusten dugu gure burua, eta beti egongo gara auzoari irekia eta auzoan sustraitua.

Gure proiektua euskalduna da, eta euskal kultura eta euskara trasmititzeko konpromisoa du sorreratik. Euskara hizkuntza gutxitua da, eta globalizazioaren garaian erronka handia da bere espazioari eustea. Ezagutzan aurrerapausuka eman badira ere, erabilera apalduz joan da azken urteotan; gure ardura ere bada euskara erdigunean jartzea.

Izan ere, euskara eta euskal kultura dira gure hezkuntza proiektuaren ardatz nagusiak, eta honetan komunitate osoa dago inplikatuta: ikasleak, langileak eta familiak. Euskaraz gain, gure etxe honetan hizkuntza gehiago ditugu, baina euskara da batzen gaituena.

Karmelo ikastola ikastetxe publiko integrala (IPI) da: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen du, 2 urtetik hasita eta 16 urterarte. Norberaren banakotasun eta berezitasunetatik abiatzen gara, izaera desberdinak onartzeko eta genero bereizketatik kanpo aritzeko. Kontzientea den proiektu hezitzailea da gurea: aukera berdintasunean eta neska-mutilen arteko parekidetasunean oinarritua, pertsona askeen garapen integrala helburu duena.

Instalazioak

Eremu zabala hartzen du gure ikastetxeak. 2014an Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikina inauguratu genuen, eta 2022an Mina del Morro ikastetxeko eraikina Ikastolako DBH ikastetxea izatera pasatu zen.

Non gaude?

San Joakin kalea, 2. 48004 Bilbo.
94 428 01 28
Metro geltokia: Basarrate
     Bilbobus lineak: 40, G7

Jar zaitez gurekin harremanean

Zalantza edo galderaren bat baduzu, edo zerbait helarazi nahi badiguzu, aukeratu norekin jarri nahi duzun harremanetan eta bete formularioa. Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara: