Karmelo ikastola
Historia labur batHezkuntza-proiektua
50 urte baino gehiagoko proiektu honek beti izan du ardatz nagusi bat: euskararen sustapena. Herritik jaio zen Karmelo ikastola, herriarentzat sortua.
Bilboko Santutxu auzoan oso erroturik dago gure ikastola, sortu zen egunetik hasita. Euren seme-alaben hezkuntzarekin konprometiturik zeuden guraso talde batek sortu, eta auzolanean hazten joan den hezkuntza-proiektu heldu eta osoa bihurtu da, Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko apustua eginez.
Auzoko hainbat ekitalditan parte hartu dugu etengabe: Ihauteriak, Santa Ageda, Euskararen Astea, Korrika, Olentzero… Kultura herritarraren eragle gisa ikusten dugu gure burua, eta beti egongo gara auzoari irekia eta auzoan sustraitua.
Izan ere, euskara eta euskal kultura dira gure hezkuntza proiektuaren ardatz nagusiak, eta honetan komunitate osoa dago inplikatuta: ikasleak, langileak eta familiak. Euskaraz gain, gure etxe honetan hizkuntza gehiago ditugu, baina euskara da batzen gaituena.
Karmelo ikastola ikastetxe publiko integrala (IPI) da: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen du, 2 urtetik hasita eta 16 urterarte. Norberaren banakotasun eta berezitasunetatik abiatzen gara, izaera desberdinak onartzeko eta genero bereizketatik kanpo aritzeko. Kontzientea den proiektu hezitzailea da gurea: aukera berdintasunean eta neska-mutilen arteko parekidetasunean oinarritua, pertsona askeen garapen integrala helburu duena.